|
Atzean geratu da zapatuko kontzertua. Atzean, Kafe Antzokian gertatutakoei dagokienez, une haiek sortutako sentipenek, ordea, bizi-bizirik dirautelako. Handia izan zen bertan gertatu zena, oraindik ere miraria deritzet bertan elkartu zirenei. Miraria delako ideia zoro hori edukitzea, hasteko, eta ideia zoro horretan sinistuta hainbeste jende engaiatzea: musikariak, antolatzaile mota guztiak, propagandista sutsuak, hacker maitagarriak... Miraria delako munduko beste muturrean egonda han bertaratu zinetenon artean sentitu ahal izatea, nire itxialditik zuekin guztiekin batera bizi ahal izatea. Miraria delako taula gainean sortu ziren, sortu zenituzten magia, giroa, uki zitekeen maitasuna.
Aste batzuk lehenago hasi nintzen sentitzen zerbait berezia ari zela mugitzen. Horrela sentiarazi didazue zuetako askok: Lourdes arrebak, Dabidek, Joseba Barrenetxeak eta Joseba Martosek, Manexek, Rafa Ruedak, Lutxok... Azken biak Gatazka Gunean egindako aurkezpenean ikusteak taupaka jarri zidan bihotza egun batzuk lehenago. Egunero iristen zen albiste zoro berriren bat: nik ere bideotxo bat prestatu behar nuela (egundoko erronka, izerdia botarazi zidana!), zuzeneko txata egongo zela, zuzeneko emanaldiak egongo zirela, mezuak jasotzeko erantzungailua jarriko zela..., eta azkena, Twitter kontua sortu behar nuela. Ai ama! Beste astebete joan balitz ez dakit zer asmatzeko gai izango ziren!
Eguna iritsi eta hasi aurretik skype bidez antolatzaileekin hitz egiteko parada izan nuen. Horrela atarikoetan barruan bizi zen giroa dastatu ahal izan nuen eta webkameraren aurretik bihotza bizkortu zidaten aurpegiak ikusi nituen. Giro alai horretan guztiz murgiltzeko garagardoa falta nuen! Baina... ezin ondoko dendara erostera joan, dakizuenez... Halako batean ekitaldia hasi zen, nire pantailatik kultruna, maputxeak... sartu ziren, gogoa zaldi zoroaren pare jarri zidaten irudiak hasi ziren kikuak egiten. Soinua ez zen honaino iritsi, baina sentitu egin nuen eta, Edorta eta Iratiren berbak aditzerik ez banuen ere, irudimenak ordezkatu zituen eta lehen malkoak etorri ziren. Orduan, haiek hizketan ikusi nituenean, hasi nintzelako han gertatzen ari zenari benetako neurria hartzen. Atzean zeukaten pantailari eta batez ere haren esanahiari erreparatu nien lehen aldiz. Han bildutako jendea, taula gainean zeuden Edorta eta Irati, handik igaroko ziren musikariak... bertan egoteko arrazoia neu nintzela barneratu nuen estreinako aldiz. Eta orduan hura dena ezinezkoa zela sentitu nuen eta, are gehiago, ezinezko hori posible egin zutenen meritua ere ulertu nuen. Lagun horiek amestu zuten utopia zen, egia bihurtuta, eta hura gauzatzeko gai izan baziren, zer utopia ez gara, denon artean, gauzatzeko gai izango?
Askok amesten dugun bestelako mundu posible hori holako ekintzen bidez ere eraikitzen da. Gizartea borondatezko lankidetzan oinarrituta eraiki daitekeela sinisten dugunok, berben bidez baino askoz gehiago, uste horiek eguneroko ekimenetan betetzen ditugunean frogatzen ditugu gauzagarri. Zapatuan xamurtasunak herri bi (seguruenik bi baino gehiago ere bai) lotu zituen, Wallmapu eta Euskal Herria eta, batez ere, maputxeak eta euskaldunak, herria jendeak eraikitzen duelako. Goikoek, gobernuek, erakundeek, legeek, legelariek, alderdi politikoek eraikitzen dutela sinistarazi nahi badigute ere, herria geuk eraikitzen dugu, egunez egun eta inoren baimenik gabe. Euskaldunok, nahi duten munduko herri eta herritar guztien laguntzaz, Euskal Herria, eta maputxeek, era berean, Wallmapu.
Gertatutakoak, maputxeekiko elkartasuna areagotzeko, haien eskubideak aldarrikatzeko balio izan ez ezik, Euskal Herrian hazi gorri-beltza landatzeko ere balio izan badu, askoz hobeto, oraindik ezkutuan edo ahopeka geratzen badira ere, gure herrian asko direlako bihotz libertarioak, maputxeen artean diren bezalaxe. Gizakien eta herrien arteko harreman horizontalaren ametsa gogo askotan dago. Beharbada garaia iritsi da Estatuak iraganeko kontua direla eta oraingoa herrien unea dela aldarrikatzeko. Aldarrikapen horren partaide izateak maiz kartzela ekarri arren. Zapatuko miraria gertatu bazen, zergatik ez amestu hura beste mirari handiago baten hazia izan daitekeela? Horrela izan zein ez, horrela izatea nahi zein ez, hura posible egin zenuten guztioi, eskuzabal zuen musika ederra eskaini zeniguten artistoi, hara bertaratu zineten denoi, sartu nahian sarrerarik gabe geratu zinetenoi ere, mila esker eta milioi bat besarkada. Zapatuan bihotza ez zitzaidan bularrean kabitzen eta zuei guztioi zati bana oparitzeko beste puztu zitzaidan, maitasun eta xamurtasunez.
|